Humanitate Digitalek humanitateen eta erabiltzen den teknologiaren artean aldi berean gertatu daitekeen bi norabideko harremana sortzen dute: teknologia akademikoki erabiltzen da humanitateen ikasketa eta ikerketan, eta teknologia hori bera da ikerketa esparrua gizarte-zientzien ikuspegitik.
Definizioa etengabe eraldatzen ari da. Humanitate Digitaletan material digitalizatuak zein berez digitalak direnak sartzen dira.
Humanitateak giza kulturarekin (pentsamendua eta hizkuntza) lotutako diziplina akademikoak dira. Ikasketa klasikoetan oinarrituriko heziketa humanistikoa da mendebaldeko zibilizazioaren eta hezkuntza-sistema tradizionalaren oinarri. Gizarte-zientziak gizartearekin eta giza portaerarekin lotutako diziplinak dira, giza harreman eta pertsona-taldeen hainbat alderdi aztertzen eta lantzen dituzte. Norbanakoaren eta taldearen portaeraren jatorria aztertzen dute, eta giza erakunde guztietan adierazten diren erregulartasunak eta berezitasunak ulertzen eta azaltzen saiatzen dira. Ikuspegi kritiko batetik, historikoki erabili izan duten ikuspegi androzentriko, eurozentriko eta klasista salatzen da.
Pentsamendu bitarra hain sustraitua duen jendartean oximoron bezala ulertu daitekeen kontzeptua da Humanitate Digitalak, diziplinartekotasuna iradokitzen duen hitz pare asimetrikoa: iraganean heziketa prozesurako eredu izandakoa, egun jendartean gutxietsi ohi dena (Humanitateak), erabat indarrean dagoenaren ondoan (Digitala). Etengabeko bilakaeran egonik, elkarrekin solasean ikusmira zabaldu eta ibilbide berriak egiteko prest jartzen gaituena.